, ,

UPLIFT proiektu europarraren lehen Consortium Meeting-a egingo da Barakaldon

Barakaldoko Udalak eta Lehiakortasunerako Euskal Institutuak (Orkestra) nazioarteko 50 gazte eta profesional baino gehiago biltzen dituzte gazteen kolektiboari eragiten dioten desberdintasunei buruz hausnartzeko, batez ere emantzipazio-prozesuari eta lehen etxebizitzaren bilaketari dagokienez.

UPLIFT Europako proiektu bat da, Europako Batzordearen Horizonte 2020 programak finantzatua, eta gazteen ahotsak gazteentzako politika publikoen erdigunean nola koka daitezkeen aztertzen du, etxebizitza, hezkuntza eta enplegua bezalako eremuetan.
2020ko urtarriletik, proiektua Europako eta Erresuma Batuko 16 hiriren kasuak aztertzen ari da, eta horien artean dago Barakaldo, gazteei eragiten dieten desberdintasunak sakonago ulertzeko. Horretarako, hainbat datu-azterketa, elkarrizketa eta partaidetza-tailer egiten ari dira politiken arduradunekin eta inplementatzaileekin, bai eta elkarrekin sortzeko prozesu bat ere, hiri bakoitzeko gazte-talde batek parte hartzen duena.

Irailaren 29an eta 30ean, pandemiaren osteko proiektuko kideen lehen topaketa presentziala egin zen Barakaldon, udalerriko Udalak, Eretza Hirigintza Kudeaketarako Sozietateak eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak (Deustu Fundazioa) antolatuta. 50 pertsonak baino gehiagok parte hartuko dute ekitaldian. Bertan, lan-bilerak egingo dira ikaskuntzak partekatzeko, saioak egingo dira hirietako gazteen esperientziak ezagutzeko, eta bisitak egingo dira Barakaldoko leku esanguratsuenetako batzuetan.

Topaketa Barakaldoko alkateak, Amaia del Campok, inauguratu zuen, eta bere hitzaldian nabarmendu zuen Upliften parte hartzea parte-hartzearen eta gazteriaren aldeko apustua dela: “gure udal-politikak hobetzen saiatzearen aldeko apustua, eraginkorragoak, praktikoagoak eta guztiontzat eskuragarriagoak izan daitezen”.

Ekitaldian izan ziren, halaber, Juan Antonio Pizarro, Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketako zinegotzia, Mikel Antizar, Gizarte Ekintzako zinegotzia, eta Jonathan Martín, Gazteria eta Droga Mendekotasunen Prebentzioko zinegotzia.

BARAKALDO, PROIEKTUAN PARTE HARTZEN DUEN ESTATUKO HIRI BAKARRA
Proiektuan parte hartu duten hamasei hirietatik lauk politikak elkarrekin sortzeko prozesu bat garatu dute, eta, prozesu horretan, gazteek beren desberdintasun-esperientziei aurre egiteko irtenbide posibleak diseinatu ahal izan dituzte. Horien artean Barakaldo dago, proiektuan parte hartzen duen estatuko hiri bakarra.

2021eko abenduaz geroztik, udalerriko gazte talde batek Orkestrako ikertzaileek koordinatutako lankidetza-prozesu batean parte hartu du, eta Udaleko, Eretzako eta Gazte Bulegoko hainbat zinegotzik eta teknikarik ere parte hartu dute prozesu horretan.

Orkestrako ikertzaileek entzuteko eta eztabaidatzeko bi lan-espazioak diseinatu dituzte. Lehenengoa Youth Board da, topaketa dinamiko eta konfiantzazko batzuk, non gazteek beren kezkak eta zalantzak adierazteko aukera izan duten. Bigarrena, Social Lab; bertan, Youth Boardeko bi gaztek beren zalantzak eta ekarpenak helarazi dizkiete parte hartu duten zinegotziei. Horrela, beren arazoen konponbide posibleak partekatu ahal izan dituzte, espektatibak mugatu dira eta beste bide batzuk ireki dira, ekintza-plan bideragarri eta errealista baten diseinuan aurrera egiteko helburuarekin.

Usue Lorenz proiektuaren ikertzaile arduradunak ziurtatu duenez, Orkestraren helburua zen “alde batetik, desberdintasuna zer den eta nola neur daitekeen ulertzea, bereziki gazteen artean, eta, bestetik, lehiakortasuneko hiri-politikak egiteko moduan berritzea eta politika horien erdigunean herritarren ahotsa jartzea”. Era berean, nabarmendu du institutua gazteen eta erabakitzaile publikoen arteko lotura izan dela, eta “oso pozgarria” izan dela ikustea nola jardun duten elkarrekin eta nola landu duten hausnarketa-agenda bat, etxebizitza eskuratzeko arloan hobetzeko 4 proposamenekin.

Informazio gehiago: https://uplift-youth.eu/