BARAKALDOKO ETXEBIZITZA-BEHARREI ETA -ESKARIEI BURUZKO INKESTA
Zure iritziak garrantzia du Barakaldoko etxebizitzaren etorkizuna eraikitzeko
Barakaldoko Udaleko Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketa Arloa Etxebizitza eta Lurzoruaren Udal Plana egiten hasi da. Plan hori izango da datozen urteetan udalerriko etxebizitza-politika gidatuko duen tresna. Plana Barakaldon bizi direnen errealitatera egokitu dadin, herritarren beharrak zuzenean ezagutu behar ditugu. Horregatik, inkesta honetan parte hartzera gonbidatzen zaitugu. Minutu batzuk baino ez dituzu beharko.
Zergatik Etxebizitza eta Lurzoruaren Udal Plan bat?
Etxebizitza duin eta eskuragarri bat lortzea Barakaldoren erronka nagusietako bat bihurtu da. 2025eko martxoan, udalerria Bizitegi Merkatu Tentsionatuko Eremu izendatu zuten, etxeek alokairua eta oinarrizko gastuak ordaintzeko egiten duten batez besteko ahalegina beren diru-sarreren % 30etik gorakoa delako. Horrez gain, beste faktore batzuk ere badaude. Etxebizitza-parkearen batez besteko antzinatasuna 50 urte ingurukoa da, lau etxebizitzatik batek ez du igogailurik, eta etxebizitza babestuaren eskaria etengabe hazten ari da. Barakaldon erroldatutako 4.700 pertsona baino gehiagok dute izena emanda Etxebiden, eta % 80tik gorak alokairuko etxebizitza bat bilatzen du.
Etxebizitza eta Lurzoruaren Udal Planari esker, jarduketa guztiak estrategia bateratu batean antolatu ahal izango dira, datu zehatzetan eta herritarren parte-hartzean oinarrituta. Bere helburuen artean daude familien ahalegin ekonomikoa murriztea, etxebizitza eskuragarriaren eskaintza handitzea, eraikinen birgaitzea eta irisgarritasuna sustatzea, etxebizitza hutsak mobilizatzea eta etxebizitza babesturako lurzorua aktibatzea.
Zertarako balio du inkesta honek?
Inkestari esker, Barakaldoko etxeen gaur egungo eta etorkizuneko etxebizitza-beharrak neurtu eta ezagutu ahal izango ditugu. Besteak beste, jakin nahi dugu etxebizitzaz aldatu behar duzun edo daukazuna hobetu behar duzun, zer etxebizitza mota bilatzen duzun, zein auzotan bizi nahiko zenukeen, erosi ala alokatu nahiago duzun eta hilean zenbat diru bideratu ahal izango zenukeen etxebizitzara. Era berean, datozen urteetan emantzipatzeko asmoa duten etxeko kideei buruz galdetzen dugu, gazteen emantzipazioa udalerriaren kezka nagusietako bat baita.
Informazio horrekin, auzo eta kolektibo bakoitzari egokitutako neurriak diseinatu ahal izango ditugu, gazteentzat, familientzat, adinekoentzat eta irisgarritasun-arazoak dituzten etxeentzat.
Nork erantzun behar du?
Inkesta etxe bakoitzeko erreferentziazko pertsonari zuzenduta dago, hau da, familia-unitatea hobekien ordezkatzen duen eta etxeko erabaki nagusiak hartzen dituen pertsonari. Etxebizitza bakoitzeko galdetegi bakarra bete behar da. Zure parte-hartzea garrantzitsua da, nahiz eta une honetan etxebizitza-beharrik ez izan, erantzun horrek ere egoeraren irudi zehatza osatzen laguntzen baitu.
Nola har dezaket parte?
Galdetegia sarean bete dezakezu, euskaraz edo gaztelaniaz, esteka honen bidez. Gainera, IKEI enpresa, azterlana egiteko arduraduna, herritarren lagin batekin jarriko da harremanetan telefonoz. Nahiago baduzu, inkesta paperean ere bete dezakezu Udaletxean. Parte hartzeko epea azaroaren 30ean amaituko da.
Konfidentzialtasuna
Ematen diguzun informazioa konfidentziala da eta estatistika-sekretuaren mende dago. Estatistika-helburuetarako eta Plana egiteko soilik erabiliko da.
Eta gero zer?
Inkesta parte-hartze prozesu zabalago baten lehen urratsa da. Datozen hilabeteetan, lan-mahaiak egingo dira elkarteekin, erakundeekin, sektoreko eragileekin eta herritarrekin, bai eta funtsezko eragileei elkarrizketak ere. Planaren hasierako dokumentua idatzi ondoren, jendaurreko erakusketa-aldi bat irekiko da, edonork bere ekarpenak aurkez ditzan. Fase bakoitzaren berri emango dugu orri honetan.
Eskerrik asko zure laguntzagatik. Guztion artean, bizitzeko moduko Barakaldo bat eraikiko dugu.

